EhunTze sormen espazioa

100tze

ZER DA “EHUNTZE”?

Oiartzungo Arraskularre 16an kokatua dagoen sormen espazioa. Idoia Beratarbide artistak bultzatutako proiektua da “Ehuntze”. Bertan formakuntza eta esperimentaziora bideratutako proiektuak garatzen ditugu batez ere. Hiru proiektuek dute habia bertan:

Idoia Beratarbideren estudioa, bertan irudimena eta sormena hezkuntzarako balio gisa lantzen dituzten sormen lantegiak eskaintzen dizkie haurrei.

MARODI sorkuntzak, Idoiak eta Maria de Bernardok osatzen dute proiektu hau: antzezlanetarako jantzigintza eta diseinu propioko arropak zein osagarriak sortzen dituzte.

Metrokoadroka kolektiboaren bulegoa eta egoitza.

ZEINTZUK DIRA “EHUNTZE” ESPAZIOKO EKITALDIAK ETA PROIEKTUAK?

Sormen tailerrak

Astean zehar, arratsaldez, Idoia Beratarbidek sormen tailerrak ematen dizkie haurrei. Sormena haurrengana gerturatzea dute helburu tailer hauek, material eta teknika ezberdinetara gerturatzeko aukera ematen zaie, irudimena erabiltzeko eta sorkuntzarekin jolasteko aukera emanez.

(Irakurri gehiago HEMEN)

Ate irekiak saioak 

Tarteka ate irekiak saioak egingo dira, zeinean Marodiren kolekzio berriak ikusi eta erosteko aukera egongo diren. Horrelako saioetan hainbat artista gonbidatuen lanak ere ikusi ahal izango dira, erakusketa txikiak egingo dira, mikroformatuko emanaldiak…

Asteburuetako ikastaro intentsiboak

Helduei begira, arte arlo ezberdinei loturiko asteburu tematikoak antolatuko dira tarteka, izen emate mugatuarekin.

21 AULKI zikloa: mikro emanaldiak

Espazioaren tamainara egokitutako mikro-emanaldiak egiten dira tarteka: formatu txikiko errezitaldiak eta solasaldiak, gehienez 20 pertsonek osatutako publikoari zuzenduak.

(Irakurri gehiago HEMEN.)

ZER DA MARODI SORKUNTZAK?

Marodi sorkuntzak proiektua Maria de Bernardok eta Idoia Beratarbidek sortutako proiektua da, jantzigintza kreatiboan lan egiteko. Marodiren jantzigintzaren ardatzetako bat lehendik existitzen diren arropen transformazioa da. Oraingoz bi lan ildo hauek eduki dituzte:

-Diseinu propioko arropa eta konplementuak egitea, eta ondoren salgai jartzea Ehuntze espazioan bertan zein era ezberdineko azoketan.

-Antzerki konpainientzat sorkuntzak: arropen diseinua eta fabrikazioa ikuspegi artistiko batetik. Orain arte proiektu hauetan parte hartu du Marodik: Zertarako hegoak (Berria/Metrokoadroka), Gabrielen lekua (Zenbat Gara), Publikoari gorroto (Artedrama/Huts teatroa), Ta uain ze (TTAK teatroa), Biutz (Rouge Elea), Ronde (Rouge Elea). Proiektu hauetan ere kolaboratu du:  Hamlet (Artedrama/Dejabu/Petit theatre du Pain) eta Arrastoak (Dejabu).