Kritikak Miss Karaoke

Jarraian irakurri ditzakezue Jaime Valverdek GARAn eta Agus Perezek BERRIAn idatzitako kritikak osorik.

GARA: “Epikoa eta komikoa”.

(Ikus HEMEN jatorrizkoa)

Interes antropologiko itzela duen entretenimendu bat izateaz gain, karaokea ikuskizun bat da berez; nire ustez, genero epikoa eta komikoa ondoen uztartzen dituenetakoa.

Jeneralean, bere abesti kuttuna mikrofonoaz kantatzen duenarentzat epikoa izaten da; kanpotik ikusten duenarentzat, berriz, komiko samarra. Edozelan ere, karaokea plazara ateratzeko modu bat ere bada, plazarik gabe geratzen ari den garai honetan.

Miss Karaoke edozein da: aktoreak, idazlea, zu, ni; existentziaren plazara identitate batean haragiztaturik ateratzen den oro, bere izatearen mugez inoiz galdetu duen oro. Hain zuzen ere, galderak dira Guillanen testu eder honek, “Antzerkigintza berriak” deialdian aukeratuak, proposatzen dituenak: Zerk definitzen zaitu? Zure hautuek? Hautatu ezin izan duzunak? Komunikatzeko darabilzun hizkuntzak? Karaokean aukeratu duzun abestiak? Erantzunen ardura, ordea, ikuslearen esku geratzen da.

Bakarrizketa xelebreak, umore absurdoa, aho-korapilo kontzeptualak: obra paregabe honetan, Metrokoadroka eta Pez Limbo kolektiboek L’Alakran antzeztalde apartaren eskola berreskuratzen dute.

Alegia, clown izpiritua hizkuntza performatiboan txertaturik, gai sakonak, existentzialak askotan, komikotasun bihurri eta absurdo batekin jorratzeko.

Gure antzerkian hain errotuta dagoen istorioaren beharra gainditu eta eszenen arteko lotura lineala desegiten da. Esketx bakoitzean gai nagusiaren orbitan dabiltzan ideiei tonu eta formatu desberdinekin heltzen zaie.

Oier Guillanen lanetan ohikoa den bezala, testu poetikoaren eta teatralaren arteko muga urtzen da. Genero-hertsadurak kolokan jartzen dira eta nabarmentzekoa da gorputzak hartzen duen protagonismoa bere lanean, hala gogoetan nola taularatzean.

Aktoreen lan bikainean bermatuta, identitateari buruzko hausnarketa teatral honek une epiko zein komiko handiak eskaintzen ditu. Pozgarria da ikustea Metrokoadrokak pauso irmoez jarraitzen duela euskal teatroan bide berriak garatzen eta, gainera, Pez Limboren moduko bidaia-lagunak topatu dituela.

BERRIA: “Galdera ezerosoak”

(Ikus HEMEN jatorrizkoa).

Ezpainetan elkarri musu eman, arrakasta faltsuaren bilaketa konpultsiboa, geure burua definitzeko hartzen ditugun arriskuak, zer aukeratu dezakegun eta zer aukeratzen dugun. Edo, beharbada, zerk aukeratzen gaituen. Zer dago gure esku eta zer ez, dela jaiotzez daukagulako dela bizitzan emandako pausoak atzeraezinak direlako. Gorputzaren alorrean zer den hegoaldea. Hizkuntzaren alorrean zer diren gutxiengo gutxitua eta gehiengo gehiengotua bezalako kontzeptuak. Horiek eta beste galdera pertinente asko egiten du Iruñeko jaialdiaren barruan ikusi berri dugun Miss Karaoke antzezlanak.

Metrokoadroka kolektiboak hasieratik hartu zuen bide abangoardistan Poza, Su izan nahi, Arra arraroa, Herioa heroi, Mister Señora…– beste mugarri bat dugu honako hau, baina oraingo nobedadea da beste izen batzuk gehitu direla azken emaitza eszenikoan. Oreretako taldearen inguruan ohikoak diren Idoia Beratarbide, Asier Sarasola, Jabi Barandiaran eta Oier Guillan ibili dira ekipo artistikoan, eta taula gainean lau antzezle parekatu ikusi dugu: Iñaki Ziarrusta animalia eszeniko bizkaitarra eta Gasteizko Baratza aretotik dabiltzan Unai Lopez de Armentia eta Marina Suarez Ortiz de Zarate izan dira haietariko hiru. Iruñeko emanaldian ezin izan da jatorrizko laugarren laguna egon –Javier Fernandez–, eta Javier Barandiaran lur orotarikoak bete du haren rola, bere betiko efikaziarekin eta erabat integratuta taldean.

Antzerki-ostearen eremuan kokatu ziren aspalditik kolektiboaren lanak, eta oraingo hau bide beretik doa, ohiko antzerki logikoaz aspertuta gaudenon gozamenerako eta ikusle berri askoren plazererako. Oier Guillanen testu eta galdera ezerosoak oinarri –poesia-ostearen eremuan kokatuko nituzke nik–, ganoraz konbinatu dira ekintza eszeniko fisikoak eta testuak, musika pasarte esanguratsuak eta pantailan proiektaturiko irudiak. Izan ere, aipamen berezia merezi du irudien erabilerak, aktoreak elkarreraginean ibili direlako haietariko batzuekin –Raffaella Carra, Franco Battiato…– eta beste batzuetan Guillan bera agertu delako, ama alboan zuela Granadako aitonaren gogorapen bitxiak eszenara ekartzen zituen bitartean. Arbasoak dira, zalantzarik gabe, gure identitatearen parte.

Benetako performanceetan bezala, funtsezkoa izan da lau aktoreen inplikazioa proposamenaren garapenerako. Emanaldian zehar eskuzabal banatu dira umore absurdua eta gorputzekin eraikitako pasarteak, eta haien artean irudi artegagarri batzuk tartekatu dira, batez ere amaiera aldera, erabateko isiltasunean eta biluztasunaren bidez identitateari buruzko gogoeta plastiko sakonak etorri direnean.