“Eztena-liburuak”: 6 titulu lehen labealdian

Eztena jaialdiak X. urteurrena ospatu zuen ekainean, eta horretarako bi proiektu ekarri zituen plazara: batetik “Eztena-gala” ikuskizuna, eta bestetik “Eztena-Liburuak” bilduma. Metrokoadroka kolektibokoak liburu bildumako lan teknikoetan jardun gara lanean.

Metrokoadroka kolektiboko kideak argitalpengintza proiektuak garatzen eta laguntzen jardun gara azken urteetan, beste proiektu batzuekin elkarlanean: Argitaletxea EDO!ko kide izan ginen, eta ostera EHAZE-Antzerkizale elkartea, Errenteriako Udala eta Eztena jaialdiarekin jardun gara liburugintzan elkarlanean, diseinua, maketzioa eta edizioan.

Eztena-liburuak

“Eztena-Liburuak” proiektuak Eztena jaialdiak hasieratik eduki dituen printzipioekin egiten du bat:

“Hamar urte bete ditu aurten Eztena arte eszenikoen jaialdiak. Hasieratik oso filosofia argiarekin egin genuen jauzi plazara: arte eszenikoetako eragileen arteko sareak sortu, sortzaileen­tzako elkargunea izan, ohiko zirkuituetan programatzeko zailtasunak dituzten lanei eta dramaturgiei erakusleiho bat eskaini, sortze prozesuan dauden lanak erakutsi, publiko aktiboaren ideia bultzatu…

Mikelazulo kultur elkarteko antolatzaileontzat abentura itzela izan da. Hamar urtetan jende asko pasa da Eztenatik, eta batez ere bizipen ederrak utzi ditu. Eztena arte eszenikoen ospakizun bat bilakatu da urtez urte, eta segur aski garrantzitsuena dena, emanaldietatik kanpo ere etengabeak izan dira solasaldiak, enkontruak, gogoetak, besarkadak, elkar ezagutzeak eta trukeak.

Eztenak hamar urte bete dituen honetan beste proiektu bat jarri nahi izan dugu martxan, jaialdiak hasieratik izan duen helburuetan sakontzen lagunduko duelakoan: arte eszenikoetako hainbat lanen testuak plazaratu ditugu, edizio xume baino landuetan. Helburua, beste behin ere, jaialdiarena bera: egun arte eszenikoetan dagoen aniztasun ideologiko eta estetikoa islatzen saiatu, arrisku eszenikoak hartzen dituzten sortzaileen lanak aldarrikatu eta ikusgarri egiten lagundu.”

Lehen labealdiko tituluak

Euskarazko liburuak hauexek zango dira:

Zapatak, Joxemari Carrererena. Antzezlan hau 2009an estreinatu zen Eztena jaialdian bertan, eta egun oraindik ere antzezten da. Ainhoa Alberdi aktoreak eta Ainara Gurrutxaga zuzendariak eraman zuten oholtzara, eta haien arteko elkarrizketa bat ere badakar liburuak, sortze prozesua gogoetagai.

Aitaren larrua, Tripak kolektiboarena. Gasteizko lau sortzailek elkarrekin sortutako lehen lanaren testua. Lan esperimentala izan zen Aitaren larrua, beste arte diziplina batzuen eraginpean sortutakoa, eta bertan testuaz gain sormen prozesuari buruzko gogoeta labur bat ere plazaratu dute.

Ametsen faktoria, Jose Martin Urrutia “Txotxe”rena. Txotxe euskal antzerki zuzendari eta idazle ezaguna izan da euskal teatroan, urte luzez Durangoko Karrika antzerki taldearekin elkarlanean jardun dena. Txotxe aurten zendu da, eta hori dela eta haren lana omentzea eta aldarrikatzea du xede liburu honek.

Gaztelerazko hiru tituluak, berriz, honakoak:

Ella y él: Ficciones, Legaleon-T.rena. Irungo talde mitikoak orain arte izen horrekin sortu duen azken lanaren gidoia.

Tres Pedradas, Javier Barandiaranena. J.B. Pedradas izen artistikoarekin sortutako trilogiako hiru gidoiak irakurri daitezke bertan: “Pepinos podridos en el frigo”, “No estoy para nadie” eta “Aquí va a venir un cataclismo”.

Abandónate mucho, Las XLena. Andaluziako taldeak musika eta antzerkia uztartzen zituen lan umoretsu eta probokatzailea sortu zuen. Ikuskizuneko hitzak eta letrak biltzen ditu lan honek.

Liburuak eros daitezke hemen: eztena@liburuak.eus