Metrokoadroka: hamar urtez sormen konspiraziogintzan

2018an hamar urte bete ditu Metrokoadroka sormen laborategiak. Lanean jarraitzen dugu, konspiraziogintza betean, baina hamar urte aukera ona dira atzera begiratzeko ere. Aurretik egin ditugun antzezlan batzuk jarri ditugu osorik sarean.

Hamar urte pasa dira arte plastikoak eta arte eszenikoak lantzen genituen bost lagunek Metrokoadroka sortu genuenetik. Ordutik parte hartzaile, bidaide eta kolaboratzaileen sarea zabaltzen joan da, proiektuz proiektuko bizitzan eta antolakuntzan, sarri beste eragile batzuek proposatutako elkarlanen bidetik. Agian inoiz ez dugu oso argi izan zer den Metrokoadroka, ez bada sormenezko kaos antolatu bat, edo gauzak elkarrekin egiten jarraitzeko aitzakia bat (gehiago).

Urtetik urtera eszenak protagonismo handia hartu badu ere, azkenaldian beste era bateko proiektuak ere bideratu ditugu, agian itzalerago: argitalpengintzan elkarlanean jardun gara, ikastaroak eskaintzen han eta hemen, beste talde eta ekimen batzuekin elkarlanak bultzatzen, sare moduan sortzaileen artean kolaborazioak egitea probokatzen.

Modu ezin ederragoan ospatu dugu, hala ere, hamargarren urteurrena: lanean buru belarri. Bereziki gogoan dugu Zanbuia!, zeinean hainbat proiektuetan elkar topo egin dugun hamalau lagunek sormen prozesu kolektibo bat egin genuen, Eako Poesia Egunetan. Zanbuia!k utzitako arrasto gozoari gehitu behar dizkiogu Miss Karaokek iaz ezagututako plaza berriak, “Tartean dauden gorputzak” izenburupean eskaini ditugun ikastaroak, EHUNTZE sormen espazioan antolatu ditugun ekintzak, MARODI-jantzigintzak hainbat antzezlanetan lan eginez edukitzen ari den bide oparoa.

2011ko argazki bat, Irati Jimenezek egina.

Horiez gain, argitapengintza proiektua egonkortzen jardun gara. Metrokoadroka-ko lau kidek EDO! Argitaletxea proiektuan edukitako eskarmentua baliatu dugu lan eremu berriak sortzeko: edizioa, maketazioa, diseinua, ilustrazioa, webguneak. Guztia, beti ere, sormen begirada baten pean. Helburua gure argitalpengintza zerbitzua eskaintzea da, elkarlanak bultzatzea, eta denborarekin ORTXINGA gure argitalpen ildo propioa abiatzea. Oraingoz elkarlanak egin ditugu EHAZE-Antzerkizale elkartearekin (Ekin eta joka saiakera liburua), Eztena jaialdiarekin (“Eztena liburuak” proiektuko sei ale) eta Errenteriako Udalarekin (Errenteriako Emakumeen Aztarnak: narrazioak liburua).

2019an ere proiektu berriak abiatuko ditugu: kolaborazio eta elkarlan berriak kultur eragile ezberdinekin, Ehuntze sormen espazioko “21 aulki” programazioaren itzulera, 3 performance eszeniko berri, argitalpen berriak… Hasi besterik ez gara egin!

Bien artean, agian bidaide izan gaituzuenok, edo gure lanak ikusi ez dituzuenok, akaso aurretik egin ditugun lan batzuk ikusi nahiko dituzue osorik. Hemen duzue aukera:

HURA EZ DA LEKUA (2011-2012)

Diskoa osorik HEMEN

POZA (2012-2014)

ZERTARAKO HEGOAK (2013-2015)

(BERRIArekin elkarlanean sortua)

SU IZAN NAHI (2015-2016)

ZANBUIA! (2018)

(Eako Poesia Egunekin elkarlanean sortua)

Bonus track: