“Mr Señora” emanaldia komunikabideetan

Mr Señora emanaldia eskaini genuen ekainean Gasteizko Baratza aretoak antolaturiko Zurrunbilo jaialdian. Bikain egin zuten lan antolakuntzan Baratzakoek, emanalditik emanaldira giro paregabea sortu zen egia esan, euskarazko antzerkizaleen elkargune.

Jon Olanok ARGIAko kronika honetan jaso zuen parte handi bat: Baratza: zurrunbiloa eta aterpea

Baratzakoek egindako lanaren emaitza da, neurri handi batean, guk bertan eskainitako Mr Señoraren emanaldiak izan duen oihartzuna. Jarraian irakurri ditzakezue Jaime Valverdek GARAn eta Agus Perezek Berrian idatziriko kronikak:

Gorputzen zurrunbiloan

Agus Perez BERRIA 2017/06/07

Konpainia: Metrokoadroka. Testuak: Oier Guillan. Antzezleak: Ainhoa Alberdi, Amaia Corral, Oier Guillan, Joseba Roldan. Lekua: Gasteizko Baratza aretoa. Eguna: Ekainak 4.

Gasteizko Baratza aretoak antolatzen duen Zurrunbilo jaialdiaren bigarren edizioaren amaieran eduki dut Mr. Señora ikusteko parada, giro euskaldun ederrean eta Gasteiztik kanpoko lagun batzuk ere bertaratuak zirela.

Metrokoadroka kolektiboak ohikoa duen bezala, hainbat arte mota elkartu dira sorkuntza honen inguruan bai taula gainean bai taularatu aurretik, letra larriz idazten dugun artea gauza estatikotzat, bukatutzat eta monolitikotzat jo ez izanaren seinale. Ikusi berri dugun produktu eszenikoa iazko udaberrian jaio zen, eta izen bereko liburua ere orduan atera zen kalera, Idoia Beratarbideren zuri-beltzeko ilustrazio alegoriko finekin hornitua. Liburuaren azal gogorrean arrosaren gamako koloreak ziren nagusi, oso hautu iradokitzailean, eta Mr. Señora-z gain, Oier Guillanen beste testu batzuk aurkitzen ziren bertan bilduta, aspaldiko Arra, arraroa haien artean. Hortik, liburuaren izenburu osoa: Mr. Señora eta beste ileorde batzuk.

Bertan aurkitu dut ez dela lehen aldia Oreretako taldeak teatro-errezitaldi formula darabilena. Hain zuzen ere, iazko udaberri berean jaio zen Minari buruzko solasaldiak delako pieza, kolektiboaren kemen —espero dugu— agortezinaren bidetik, eta nik esango nuke liburuko beste zati edo, behintzat ideia batzuk, taula gainera ekarri dituztela oraingo emanaldian, gutxienez anti-manifestuarena, hain erakargarria eta garaikidea, are gehiago, futurista ere egiten zaiguna.

Zeren eta futurista esatea itxaropena adieraztea da, eta itxaropena galdu ez duena ez dago oraindik —oraindik— hilda. Nago beraiek ez direla esandakoaren guztiz kontziente, gu geu haien adinean guztiz kontziente ez ginen bezalaxe, baina adin batetik goragokoontzat poz iturri ederra da hurrengo belaunaldikoengan hain errotiko bilaketak antzematea, haien itaunek eragindako kezkak lurrikarak bezala gugan sentitzea, berriz ere igarotzea garai batean ibili ginen bideetatik, oraingoak orduko haiek ez izan arren —normala denez—, baina orduko sen berberarekin, determinazio berarekin, erosi ezina izatearen harrotasunarekin.

Alderdi formalei dagokienez, soiltasun erabatekora jo dute antzezleek, mikrofonoa eskuan, atril banaren atzean eta aulki banatan eserita, naturaltasun landuan eta deklamazio orbangabean bilduta. Beraien arteko konplizitate keinu txikiek edertu dute berez jasoa zen giroa, eta finezia handiz dosifikatu dira noizbehinkako umore kolpeak eta erritmo aldaketak, koru eran errepikatu edo azpimarratu diren hitz gako batzuekin batera, hitz jokoen esangura konplexuek gure baitan leher zitezen, su artifizialen antzera.

Emanaldiaren ostean eta Zurrunbilo jaialdiari amaiera emanez, Muskulo taldearen rock poetikoaz gozatu dugu. Haiek izan ziren Arrastoak-en Ainara Gurrutxagak abesten zuen kanta gogoangarri haren sortzaileak, Asier Sarasolaren hitzekin, eta Hau da nire ametsen kolorea-ren soinu-bandaren egileak. Kontuan hartzeko moduko formazioa, beraz.

Berben zurrunbiloan

Jaime Valverde GARA 2017/06/07

Zurrunbiloa izenarekin, Gasteizko Baratza aretoak lau eguneko jaialdia antolatu du euskal arte eszenikoak ardatz hartuta. Aukeratutako emanaldiak ikusita, nabarmentzen da, batetik, diziplina artekotasuna, eta bestetik, proposamen artistiko ausarten aldeko apustua. Espazio txiki, atsegin eta erakargarria dugu Baratza aretoa, izaera “burujabe” bati esker bide ibiliegiez aldentzen diren sorkuntzak sustatu nahi dituena.

Egungo panorama eszeniko euskaldunean, non areto publikoko programatzaileek ez duten batere arriskatzen, Baratza bezalako ekimenak hil ala bizikoak suertatzen dira ia. Arriskua hartzea eta bide berrietatik ibiltzea ezinbestekoa da edozein sistema artistikotan. Eta ikusleen zenbakiak koadratzea beste helbururik ez duten ohiko antzokiek endogamia estetikora garamatzate; antzutasunera alegia. Borobil zoroa da: antzokietan ohiko formatuak baino ez dira programatzen, publiko handiak hori bakarrik ikusi eta horretara ohitu, eta antzoki horietara heldu nahi duten sorkuntzak ezin dira asko urrundu publiko handiaren ohituretatik.

Eskerrak beraz, Baratzako Zurrunbiloaren moduko tarteak irekitzen diren, bestelako sorkuntzak ere ikusleengana ailegatu ahal izateko. Horietako bat dugu, hain zuzen, “Mr. Señora” errezitaldi performatiboa, Oier Guillanen titulu bereko liburuaren bertsio eszenikoa dena. Bertan, jada aski finkatua duen estiloarekin, Guillanek norberaren konplexuez eta mugez askatzearen aldeko “anti-manifestua” eskaintzen digu, edo beraren hitzetan: «desarmairugabetze» proposamen bat. Guillanen hizkuntza poetiko-teatrala era ludiko batez barneratzen da hitzen dimentsio semantiko zein fonetikoan, hizkuntzaren tolesturetan sentimenduak adierazteko formula iradokitzaileak kausituz. Metrokoadrokak errezitaldi performatiboetan duen eskarmentuari esker, zinez atsegin eta koloretsua suertatzen da ikuskizuna. Nabaria da laukoteak gozatzen duela taula gainean, eta modu berean gozarazten du ikuslea, konplizitatea suabe-suabe lortuta tonu samur eta inspiratzaile batean.