Oier Guillanekin “Mr. Señoraz” solasean

Oier Guillan kolektibokideak Mr. Señora plazaratuko du udaberrian Txalaparta argitaletxearen eskutik, zazpi antzezlanez osatutako liburua. Metrokoadroka kolektiboak Mr. Señora bakarrizketan oinarritutako teatro-errezitaldia aurkeztuko du, egilearekin batera Ainhoa Alberdi, Amaia Corral eta Joseba Roldan oholtzan. Jarraian irakurri dezakezuena Gure Liburuak aldizkarirako egin dioten elkarrizketaren bertsio luzea. (Argazkia: Alvaro Ledesma).

Nor da Mr. Señora? Eta… zeintzuk dira bere ileordeak?

“Mr. Señora” antzerki bakarrizketa bateko protagonista bat da, baina baita ere hainbat ideia plazaratzeko maskara edo ileordea. Batetik, Mr. Señorak arrarotasuna eta armairutik ateratzea ditu aldarri, bizitza ikusteko moduen lagungarri. Bestetik, bada omenaldi umil bat ere: sustraiez hitz egiten dugunean kontu esentzialetara jotzen dugu askotan, baina nik pertsona egiten nauten balioak arakatzean feminismoak eta genero ez-adostasunak topatu ditut sarri. “Mr. Señora” bakarrizketak hartu du liburu honen idazketan indar gehien kontzeptu gisa, eta horregatik egin du jauzi titulura, baina funtsean zazpi antzezlanen bilduma bat da, horiek dira beste ileordeak.

“Hautu-estimua. Hautu-laguntza. Hautu-determinazioa”. Zer da liburu hau, askatasun pertsonala edo kolektiboa?

Zein da diferentzia? Estuki lotuta ikusi izan ditut beti biak, elkarrekiko talkan eta orekan. Horrelako ‘palabro’ eta kontzeptuak darabilzkit antzezlanotan helburu bakarrarekin: galderak egitea, umoretik, ironiatik, elkartasunerako eta probokaziorako gogotik. Antzezlanotan ez dut erantzunik proposatzen, kontraesana eta zalantza darabilzkit tresna politiko gisa, helburua ezerosotasuna kutsatzea eta ideia-blokeetan zirrikituak sortzea delako. Modu ideal batean pentsamendu bakarraren kontra idatzitako lanak dira, pentsamendu bakarra norberarena denean batez ere.

“Adorazioa, yo-gurtzea da”, “ahatez-ahatekoa”, “A poka elipsis guau”; “Australiako pitekus”… Hobe dugu gainera jausten ari zaiguna umorez hartzea? Edo, zure hitzekin esanda; “Jende alaia da iraultzaileena. Alai egoteko arrazoirik sekula ez dagoelako, alai egotea iraultzailea da”, ezta?

Beti gustatu izan zait ideia ‘handien’ alboan absurduaren ispilua jartzea. Lagun batek esaten zuen moduan, bere buruaz barre egiten ez dakiena ez da pertsona serioa.

Liburu honetan badira zure barruan luzaroan egon diren lan batzuk… Zenbat urte eman dituzu hauek lantzen?/ Ze epetan eta nola landu dituzu obra hauek?

Urte ugari eman dut Metrokoadroka kolektiboan lanean eta beste hainbat jenderekin elkarlanean. Lan asko eszenara iritsi dira, beste asko tiraderetan geratu dira edo oso modu puntualean eraman ditugu oholtzara. Bigarren taldekoak dira liburu honetako lanak: zaharrena 2006 urtekoa da (“Bi ahots”) eta berriena liburu honetarako berariaz idatzia izan da (“Mr. Señora”). Beste bostak bi horien arteko epean idatzitakoak dira. Bazen karga poetiko handiagoa zuten hainbat lan ere, baina horiek kanpoan utzi ditugu liburuaren osotasunaren mesede.

Hala ere, lan hauetako batzuk enkarguz eginda daude. Nola lan egin, kasu horietan; barruko obsesioetan bilatu enkarguari egokitu dakiokeen zerbaiten bila, edo enkargua norberaren baitan egokitu ahala sortu?

Bertako bi lan dira enkarguz idatzitakoak (“Hautudeterminazioa” eta “Ate etzana”). Soilik zirrara berezia eragiten didaten enkarguak hartu izan ditut -eta ditugu-. Gaia aldez aurretik jarri arren, sormen askatasuna bermatzen duten proposamenak izan dira beti. Hortik aurrera enkargua egoera ezerosoa da, beraz erronka bat, beraz interesgarria niretzat. Oso egoera zailetan jarri izan dugu gure burua enkarguen ondorioz; ez dakit masokistak garen, baina zertarako sortu ez bada arriskuak hartzeko?

Eta, hala, bada, zer aurkitzen duzu lehenago zure baitan: gaia ala formatua?

Kasu honetan ere biak daude talkan eta orekan. Gaiak berak eskatzen du askotan esperimentazioa, umore absurdua edo bakarrizketa poetikoa izan behar den bide estetikoa. Interesatzen zait neure buruarekin (eta ondorioz publikoarekin) zintzoa izatea, hautatzea une bakoitzean mina edo ezinegona eragiten didaten gaiak. Estetikari dagokionez gustukoa dut, ‘dramaturgia berriak’ deiturikoen bidetik, testuaren balioa bera  ezbaian jartzea, generoen mugak kuestionatzea, izaera performatiboa hartzea.

Formatuari buruz ari garela, tentazioa izan zenuen obra bakoitzaren atzean zegoen ahalegin artistikoa “epilogo” moduko batean azaltzeko. Testu bakoitzaren atzean dagoen ahalegina bidean galdu ohi zaigu?

Bai, editoreak atal hori kentzeko gomendatu zidan, arrazoi osoz, kar-kar. Teatroan garrantzia handia dauka prozesuak, askotan testua sortze prozesu kolektibo baten abiapuntua edo azken geltokia besterik ez delako. Ez zait interesatzen testuaren izaera elitista, ez dut uste testua guztiaren gainetik dagoenik. Teatroko talde lanean ikasi dudan zerbait da hori. Beste testu mota batzuk sortzen dira honela, ene ustez bide interesgarriak zabaltzen dira. Hori islatzera zetozen epilogoak.

2010ean Artezblaik argitaratu zuen Arra.arraroa lana bilduma honetan sartu duzu, bonus track gisa. Zergatik?

Zalantza asko eduki dut, baina hasieratik ibili da ideia hori bueltaka. “Arra.Arraroa”ri eszena-testu bati gerta dakiokeen gauzarik ederrena gertatu zaio: jendeak gogoetarako tresna baliagarri bat topatu du hor, antzerki tailer ugaritan erabili da lanerako partitura gisa, esaterako. Zentzu horretan, Artezblai-ko edizioa urrun geratu da, ez da erraza eskuratzen, eta banuen testua berrikusteko eta eskuragarriago uzteko nahia. Edizio honetarako oharrez garbitu eta atal berri bat gehitu diogu: “Antimanifestua”, lehen aldiz argitaratu zenetik sentitutako bulkada batzuk agertzen dituena. Azkenik, “Mr. Señora”, “Hautudeterminazioa” eta “Arra.Arraroa” gogoeta lerro berean kokatzen ditut, eta interesgarria iruditu zitzaidan elkarren ondoan joatea.

Arra.arraroa, arraroa izan da gai horrek izan duen hedapena. Segur asko ezer gutxi saldu arren, zeresan ugari eman du eta, lotsa ematen dizula dakigun arren, baita tesina bat ere. Zeintzuk izan dira horretarako arra-zoiak?

Salmenta daturik ez dut. Zeresana eman du, nire harridurarako, pozerako eta urduritasunerako. Hala ere, nahiago dut testuak bere kabuz hitz egin dezan. Konfiantzen dut sormen lanen autonomian, sormen-lanak ia beti dira haien egileak baino interesgarriagoak. Neu inoiz saiatu izan naiz genero ez-adostasuna agertzen duten gaiei buruzko artikuluren bat idazten, baina etsi dut; badago gai horiei buruz hitz egiteko oso ondo prestatua dagoen jendea. Nik egiten dakidan bakarra zera da: neronek eta nire inguruko kalekumeok sentitzen ditugun kontuak idatziz jartzen saiatzea, eta horrekin gogoetan jarraitzeko materialak eskaintzea, ahalik eta zintzoen eta umoretsuen. Hortik aurrera, ez dut oso argi zer pentsatzen dudan nire pentsamenduei buruz.