Oier Guillanen “Ero, ia” antzezlana saritu du Cafe Bar Bilbaok

Oier Guillan kolektibokideak aurtengo Cafe Bar Bilbao saria jaso du Ero, ia antzezlanagatik. Antzezlanak beste kolektibokide batek, Javi Barandiaranek, 2003an Bagdaden brigadista zebilela idatzitako kronikak ditu oinarri. Iñigo Cobok jaso du saria gaztelerazko atalean, eta Patxo Telleriari sari berezia eman diote. ZORIONAK DENOI!!!

“Ero, ia” antzezlanaz: Testu honek Javier Barandiaran aktore eta brigadistaren istorioa kontatzen du, nola 2003ko gerraren eztandak Bagdaden harrapatu zuen eta beste brigadista batzuekin batera han geratzea erabaki zuen, besteak beste Euskaldunon Egunkariari (trantsiziozko Egunero-ri) kronikak bidaltzen. Istorioa bere antzerki taldeko lagunen ikuspegitik kontatua dago: telefonoaren ondoan bere berrien zain dauden bitartean heroiez, elkartasunaz, desilusioaz, garaileez eta galtzaileez egingo dute gogoeta. “Ero, ia” testuan bi tonu nahasten dira: batetik errealista, brigadistaren kroniken zatien bitartez, bestetik umore absurdora gerturatzen dena, lokalean zain dauden aktoreen elkarrizketaren bitartez.

Laster HEMEN irakurri ahal izango da antzezlana osorik.