ZER DA “EHUNTZE”?

Oiartzungo Arraskularre 16an kokatua dagoen sormen espazioa.

Idoia Beratarbide artistak bultzatutako proiektua da “Ehuntze”. Espazio honetan, pintura, eskultura eta ilustrazioko bere lan propioak gauzatzeaz gain, MARODI SORKUNTZAK proiektua kokatu dute Idoiak berak eta Maria de Bernardok, eta METROKOADROKA kolektiboak ere hainbat zereginetarako baliatuko du.

ZEINTZUK DIRA “EHUNTZE” ESPAZIOKO EKITALDIAK ETA PROIEKTUAK?

Sormen tailerrak

Astean zehar, arratsaldez, Idoia Beratarbidek sormen tailerrak ematen dizkie haurrei. Sormena haurrengana gerturatzea dute helburu tailer hauek, material eta teknika ezberdinetara gerturatzeko aukera ematen zaie, irudimena erabiltzeko eta sorkuntzarekin jolasteko aukera emanez.

2014-15 denboraldian astearte, asteazken eta ostegunetan ematen dira klaseak.

Informazio gehiago: iberatarbide@hotmail.com

Ate irekiak saioak 

Tarteka ate irekiak saioak egingo dira, zeinean Marodiren kolekzio berriak ikusi eta erosteko aukera egongo diren. Horrelako saioetan hainbat artista gonbidatuen lanak ere ikusi ahal izango dira, erakusketa txikiak egingo dira, mikroformatuko emanaldiak…

Asteburuetako ikastaro intentsiboak

Helduei begira, arte arlo ezberdinei loturiko asteburu tematikoak antolatuko dira tarteka, izen emate mugatuarekin.
Mikro emanaldiak

Espazioaren tamainara egokitutako mikro-emanaldiak egingo dira tarteka: formatu oso txikiko sormen-emanaldiak, errezitaldiak eta solasaldiak, zeinak gehienez 15-20 pertsonako taldeei egongo diren zuzenduak.

ZER DA MARODI SORKUNTZAK?

Marodi sorkuntzak proiektua Maria de Bernardok eta Idoia Beratarbidek sortutako proiektua da, jantzigintza kreatiboan lan egiteko. Marodiren jantzigintzaren ardatzetako bat lehendik existitzen diren arropen transformazioa da. Oraingoz bi lan ildo hauek eduki dituzte:

-Diseinu propioko arropa eta konplementuak egitea, eta ondoren salgai jartzea Ehuntze espazioan bertan zein era ezberdineko azoketan.

-Antzerki konpainientzat sorkuntzak: arropen diseinua eta fabrikazioa ikuspegi artistiko batetik. Orain arte proiektu hauetan parte hartu du Marodik: Zertarako hegoak (Berria/Metrokoadroka), Gabrielen lekua (Zenbat Gara), Publikoari gorroto (Artedrama/Huts teatroa), Ta uain ze (TTAK teatroa), Biutz (Rouge Elea), Ronde (Rouge Elea). Proiektu hauetan ere kolaboratu du:  Hamlet (Artedrama/Dejabu/Petit theatre du Pain) eta Arrastoak (Dejabu).