ERLEAREN ARGIA ETA EZTENA

 “Eguzki femeninoak, ilargia maskulinoak, ezagunak dira, ez da ezinezkoa… Gutxietsiak dira beti, emazteei lotzen diren balioak, direnak direla, emazteei lotzen zaizkiolako hain zuzen”. Oier Guillanek errezitatutako hitzak dira, Szenatokian, Noemi Vianak animalia mugimenduz dantzan ari zen botartean, bart gaueko Gauean Argi ekitaldian.

eguzki emeak 1 txMetrokoadroka antzerki taldeak prestatu du gala, Argizaiola saria emateko, aurtengo sarituaren beraren hitzak abiapuntu hartuta. Eguzki femeninoak eta ilargi maskulinoak. Anuntxi Arana antropologoak aztertutako kontzeptuak. Bereziki euskal mitologian egindako lana saritu nahi izan dio Gerediaga Elkarteak, “antropologo ekintzailea eta berritzailea”, Nerea Mujika presidenteak azpimarratu duenez. “Gure kultura, iragana eta jendartea biluztu ditu. Eskerrik asko, Anuntxi, ilunean argi egiteagatik”.

Argizaiola saria jasotzean, Anuntxi Arana pozik eta ohore handiz sentitu da. “Oso esanahi berezi du hemen Anbotoko Mariren itzalpean mitologia aipatzeak”. Bere lanean lagundu dituztenak gogoratu ditu, etxekoengandik hasita eta etxean bezala sentiarazi dituzten guztietaraino, baina guzti-guztien izenak ematea ezinezko zaiola aitortuta. “Asko direlako”.

Erleak eta euskara

Kritikoa eta zorrotza izan da hortik aurrerako diskurtsoa. “Argizaiola ez da bakarrik ederra, pentsatzekoa ere bada, gauza guztiak bezala”. Mitoak ere erabiltzen direlako pentsatzeko. “Argizaiola emakumeek erabiltzen zituzten tradizioan, hilei argia ekartzeko; eta hortan ikusten dugu sexuen araberako lan-banaketa; ez baitezpada onartzeko, baina beharbada kritikatzeko, eta errebeindikatzeko eginkizunetan ere berdintasuna nahi dugula”.

eguzki emeak 2 tx

 Argizaria erleek egiten dute, eta erleen garrantzia handia ekarri du gogora, bai gure planetaren ekologiarako, eta baita kultur tradizioetan ere, kasik etxekotzat hartzeraino. Baina, ez bakarrik euskal kulturan, mundu zabaleko kulturetan baizik. “Anbotoko andereak barkatuko dit blasfemia, baina mitologian ere ez gara hain-hain originalak. Zer dugu guk originala euskaldunok?” Hizkuntza. Euskara. Eta erleak eztena ere badaukan gisa berean, euskarari sarri ematen zaion tratua gaitzetsi du.

 “Batzuek gorroto dute, eta egin diren gauza apurrak desmantelatzen saiatu dira; lortu ere bai, batzuetan. Tribunaletara eramaten dituzte, beti galarazteko. Badira beste batzuk euskara maite dutenak, baina, noizean behin baliabideak murrizten dizkiete medio batzuei, ez dutelako aski hedapena edo oso erradilkalak direlako. Eta azkenak baina ez mendrenak, erradikal batzuek pentsatzen dute nazio proiektuaren alde jende gehiago erakartzeko-edo euskara baztertzailea izan daitekeela, eta eman behar zaiola leku erlatibo bat. Eta horrela, arnasa estutzen zaio euskarari, batzuek bortizki, beste batzuek gozo-gozo, baina nik esango nuke soso-soso”.

Berria asmatu behar

Gelnst eta Zprist antzerki pertsonaiak (Ainhoa Alberdi eta Amaia Corral) adi-adi eduki ditu taula gainean, eta beraiek hartu dute hitza ostean, absurdotik baina gizarteari kritika egiteko. “Eta gure aita, eguzki maskulinoa izan beharrean, ilargi maskulinoa izan balitz, orduan nolakoak izango ginateke gu, Zprist?”.

Kultur eredurik ez da existitu gaurdaino, emakumea menpekotzat hartu ez duenik, gizonezkoa gainetik eduki ez duenik, eta lau aktoreek mantra bezala errepikatu dute, gala amaitzeko: berria asmatu beharko dugu.