Herio heroi antzezlanak Cafe Bilbao saria jaso zuen 2009an, Artezblai argitaletxeak plazaratu zuen 2010ean Arra.Arraroa lanarekin batera.

Testuak izandako oihartzunaren harira (Cafe Bilbao-ren ekimenez) irakurketa dramatizatu zenbait egin genuen, eta azkenean antzezlan oso bilakatu zen. Horren  ostean plaza ugari ezagutu du antezlanak, 2010etik 2013ra. Gerora pertsonaia hauek Eguzki emeak eta Hautudeterminazioa bezalako lan puntualetan erabili izan ditugu.

SINOPSIA:

Etorkizuneko uneren batean hildakoek usteltzeari utzi diote eta senideek gorpuen kargu egin behar dute, haiekin elkarbizitza eginez. Zprist eta Gelnst anaia umezurtzek ezustean beren aitaren gorpua hartu beharko dute bere gain. Etortzear diren garai zaharren orainari buruzko komedia absurdua.

“ZPRIST.- Arraioa, ez dut ezer oroitzen!
GELNST.- Hori demokrata zarelako da.

ZPRIST.- Zer esan nahi duzu?

GELNST.- Demokraziak gizarteari gertatu zaion gezurrik handiena da. Demokraziak ahanzturan berdintzen gaitu.

ZPRIST.- Baina zer diozu! Demokraziari esker dugu bakea! Demokrazia eskubideen berdintasuna da!

GELNST.- Demokrazia berdintasuna da. Eta kito. Ezberdina desagerraraztea da demokrazia. Denok historia berdina izatea. Denok gauza berak oroitzea. Denok gauza berak ahaztea”.