“metrokoadrobat” deitu dugun esperimentua abiatzerakoan, honako gogoeta hartu genuen partaideok abiapuntutzat: “ezin badut mundua aldatu, metro koadro bat aldatuko dut; eta ezin badut metro koadro bat aldatu, metro koadro horretako momentu bat aldatuko dut”. Zeintzuk dira egunerokoan topatu ditzakegun lubakiak? Zer eraiki daiteke haietatik abiatuta?

Metro koadroaren irudia itxaropenerako zirrikitu baten gisa ulertuta, sormen gogoeta abiatu genuen prozesuan parte hartu dugun kideok, poesia, musika, dantza eta arte plastikoak harremanetan jarriz. Erakusketa bat antolatu genuen lehenik Mikelazulo kultur elkartean, eta ondoren ikuskizuna.

eskultura_metrokoadrobat

2008ko martxoan hasi genuen prozesu esperimentala bi hilabetez luzatu zen: testuak sortu eta birsortu, inprobisazioak egin pintura eta dantzarekin, musikarekin, kolaborazioak bildu entseguetan… Prozesu horren ostean gogoetak bere bidea jarraitu zuen beste erritmo batean, ikuskizunean txertatutako Asier Sarasolaren eta Jose Luis Otamendiren poemak horren lekuko, eta baita ikuskizunak emanalditik emanaldira ezagutu zituen sakontze ariketak eta aldaketak ere.

“metrokoadrobat” ikuskizunarekin partaideok gure bizi jarreraren eta konpromisoaren inguruko gogoeta egin genuen, bakoitzak bere lan esparrutik, eta hori zen publikoarekin konpartitu nahi genuena.

Oholtza gaineko une hori delako, azken batean, gure metro koadro perfektua.

Parte hartzaileak:

Oholtza gainean Idoia Beratarbide (pintura), Patrizia Franco (dantza garaikidea), Oier Guillan (hitzak) eta Joseba Loinaz (pianoa).
Oholtza gainekoek bidaide izan dituzte Maria De Bernardo (jantziak), Allende Arnaiz (irudiak), Ander Fernandez (argiak) eta Alvaro Ledesma (diseinua).

Emanaldi hauek eskaini dira:

-2008ko maiatzaren 18an Lezoko Gezala auditorioan, Mikelazuloren Poesiaren Astearen barruan.

-2008ko uztailaren 6an Azpeitiako Betharram aretoan.

-2008ko abuztuaren 16an Hondarribiako Gipuzkoa plazan.

-2008ko irailaren 9an Donostiako Victoria Eugenia Klubean, EIEk antolatutako Poesia Orduak ekimenaren barruan.

-2008ko urriaren 30ean Donostiako Ernst Lluch kultur etxean, Erakusleihoaren barruan.

“metrokoadrobat” ikuskizunak oinarri hartzen duen bakarrizketa (“dirudimena” izenarekin sortua hastapenean) irakurketa dramatizatu modura eskaini zen hitzordu hauetan:

2007ko urriaren 26an Piezak ekimenaren barruan (Mikelazulon).

2007ko azaroaren 3an Mondoñedon, Galizian ospatutako Galeuscaren barruan.