Metrokoadroka kolektiboak SU IZAN NAHI antzezlana sortzeko laguntza jaso du Durangoko San Agustin antzokia eta Zumaiako Aita Mari antzokiaren eskutik, ZUBI ekimenaren barruan. 2014-15eko neguan erresidentzia bana egin dugu antzokiotan. 2015eko apirila eta uztaila artean egingo dugu lehen emanaldi sorta.

Proiektu honetan oholtza gainean diziplina artistiko ezberdinen arteko harremana (poesia, pintura, musika, teatroa) ikertzen eta esperimentatzen jardun gara kolektiboko bost lagun: Idoia Beratarbide, Javi Barandiaran, Asier Sarasola, Ander Fernandez eta Oier Guillan.

Aurretik egindako POZA antzezlanean aktoreok benetan (eszenatik kanpo) garen horretatik presentzia eszeniko bat landu eta bilatu genuen, teatroaren kontzepzio narratiboetatik at, poesia eta pinturaren kodeetan oinarrituz. SU IZAN NAHI honetan ikerketa ildo horretan sakontzen saiatu gara, beste kode eszeniko batzuetara eramanez gure lana: norberaren egian oinarritutako presentzia eszenikoak bilatu ditugu, umoretik batzuetan, performatibitateari loturiko kodeetatik besteetan, teatroruntz beti.

POZA antzezlanaren bitartez ikusi genuen posible dela kode eszeniko berritzaileetan nabigatu publikoarekiko komunikazioari uko egin gabe, jendearen bihotzera iritsiz. SU IZAN NAHI proiektuaren bitartez bide horretan urrats berriak eman nahi ditugu.