SU IZAN NAHI antzezlanean murgiltzeko lau testu

Hona hemen talde osoaren ideietatik abiatuta Axik eta Oik sortze prozesuan idatzitako testu batzuk:

(deskargatu PDFan)

BELAUNALDIA

 

Hauek dira aurpegiak. Hemen dauden ehun edo berrehun aurpegiekin osatu da batez ere

nire bizitza. Haien keinuetan islaturik ikusiko ditut neureak.

 

Banaka desagertzen diren heinean desagertuko naiz ni.

 

Hauek dira gorputzak. Antzeko lekuetan antzeko orduetan, antzeko helburuekin egingo dugu bat

izerdia konpartituz kaleetan, hondartzetan, tabernetan… zimurtzen, zimeltzen, simaurtzen sumatuko ditut nirekin bat.

 

Banaka apurtzen diren heinean apurtuko naiz ni.

 

Hauek dira momentuak. Aitortu gabeko uneak desioak eta galderak: nork entzun, nork zuzendu, nork osatu, nork jakin, nork ulertu.

 

Denborak frankotiratzaile erailtzen dituen ehun edo berrehun argazki album dira, zeinetan azaltzen naizen, zeinetatik desagertzen naizen, motiboa ahaztu duen ganbarako Paris souvenir bat bezala.

 

Hauek dira aurpegiak. Hauek dira gorputzak. Hauek gara ni.

 

DESAGERTUAK

 

Desagertutakoez lepo dut gorputza.

Adin bakoitzean hil zait

nire aurpegia duen norbait.

Argazkietatik egiten didate oihu

“Carpe diem” edo horrelako zerbait,

ez dut oso ondo ulertzen, igual

“ez ahaztu esnekiak kalte egiten dizula” da

esaten didatena

bizitza hobe bat desio didate

nolanahi ere.

Batzuetan afixak jartzen ditut faroletan,

nire haurtzaroko, nerabezaroko argazkiak,

haietaz inork ezer badakien galdezka

deitu mesedez

679977276 telefonora.

Desagertutakoez lepo dut bizitza,

desagertu politikoak zenbait kasutan,

inguruko desagertuek desagertutako besarkadak besteetan,

momentu honetara garaiz heldu ez ziren pertsonak gehienetan,

pasatzen utzitako aukeren hiletetan ateo.

Desagertutakoek arintzen didate oraina

eta maitasunez –bai joder, maitasunez-

agintzen diet goizero:

ez zarete itzali, oraindik ez.

 

SU IZAN NAHI

 

Su izan nahi, baina kea.

Sua ezin, eta errautsa.

Edo ikatza. Erredura.

Horretan gaude.

Txinparta txikienei ere bizkar ematen,

bihotza horrexek goritu arren.

 

Su izan nahi,

hotzak gaudenez, goseak,

eta argi bila.

Gauari beltza

kentzen dion kandelaren garra

babesten duen esku beroak

hauspotzen dituela hitzok

ohartu gabe.

 

Izar izan nahi, eki,

zerulurretan nagusi, ereduzko.

Erakusgarri. Ikusgarri.

Baina ez, itzal izan,

eta nekez jakin

egunsentia besteren begiak dela.

 

Bai, su ez ezik,

sute izan nahi.

Sute kontrolaezin.

Basoak, etxeak,

etxe barruetako jendea,

jendearen memoria, den dena

kiskali.

Sute ez ezik, sumendi.

Plutonioa urtzeko labe.

Lehertu beharrean den galdara.

Eztanda itsugarri.

Milaka urterako ondorio izan nahi.

 

Eta, hala ere, pospoluak pizteko,

lanak!

 

NORK NAUKA

 

Nork nauka barruan?

Zertan igartzen zaio?

Sumatzen al du nire usainik barru horretan?

Horrek zer eman eta kentzen dit?

 

Entzun nahi zutena esaten zuena

hori ere banaiz.

Gezurretan ari den lekukoa ere bai.

Eta besterenak esanda itxuratu dut nire ahotsa.

Zenbaten buruan entzungo da loa galaraziz?

Ekarriko al dio inori bakea, zoriona, ongizana,

hitz doia une egokian?

 

Zenbatek nauka barruan?

Behar zutenik ez zekitena eman al diet?

Hartu didatena eskatzen nien?

 

Maparik gabe naukate barruan.

Sustrai bila dabiltzan lurren antza dut

gero eta hondarrago.

 

Hondatuak, ustelduak, galduak,

hasiak zaizkit ugaltzen.

Gorputz bila nabil.

 

Zenbaten ilaran nago

nire txanda noiz iritsi

eta beren bizialdian izena emateko?

 

Gainerakoan,

estu dago hemen

eta asko gara.

Askok nauka.

Poztekoa da.

 

Hori beste bider hilko naiz.