“SU IZAN NAHI: hildakoak, senideak eta maskotak” antzezlan berria aurkeztuko dugu apirilean

ZUBI deialdiaren babesa jaso ostean, Durangoko eta Zumaiako antzokien laguntzarekin, SU IZAN NAHI: HILDAKOAK, SENIDEAK ETA MASKOTAK antzezlan berria sortzen gabiltza.

POZA antzezlaneko lan talde berbera elkartu gara horretarako: Idoia Beratarbide, Jabi Barandiaran, Asier Sarasola, Ander Fernandez, Oier Guillan. Gure erronka: POZA antzezlanean urratzen hasitako kode eszenikoan sakontzea eta… sormen prozesuen mundu zail eta zirraragarrian murgiltzea beste behin!

Hainbat arrazoi direla medio, segur aski (auskalo!) bidaia laburra izango da SU IZAN NAHI piezari dagokiona, aurtengo apiriletik uztailera luzatuko dena printzipioz. Hilabete horietan herri hauetan egongo gara: Durango, Azkoitia, Bilbo, Oiartzun, Azpeitia, Gasteiz, Ea, Zumaia. Ongi etorriak izango zarete leku horietan, eta pieza hau zuen herrian ikusi nahi baduzue jarri gurekin harremanetan: meterokoadroka@yahoo.com

Zeri buruzkoa izango da pieza berria? SU IZAN NAHI edonoren bizitzan eragina izan duten pertsona horiei egin nahi diogun omenaldia da. Hastapeneko irudia: hotza duten bost lagun etxe baten barruan beroaren bila. Horretarako gure ohiko lengoia esploratzen jarraituko dugu: diziplina artistiko ezberdinen arteko elkarrizketa oholtzan, umore absurdua, performancea, teatroa.