Joan Mari Torrealdai Bekak ikertzeko eta esperimentatzeko aukera paregabea eman digu. Lehenik pieza eszenikoa izan da, ondoren tailerra, azkenik maiatzaren 30ean Usurbilen aurkeztu dugun liburua.
Liburu interdiziplinarra da Artxibo biluzia. Idoia Beratarbide Arrietak zuzendu du, Nagore Legarreta, Danele Sarriugarte eta Maria Elorzaren parte hartzearekin.
Idoiak kolektiboko beste bi kide izan ditu bide lagun, Allende Arnaiz diseinuan eta Asier Sarasola testuen zuzenketan. Metrokoadrokan pieza eszenikoaren sorkuntzan egon garenok ere testu bat idatzi dugu.
Ikus aurkezpenaren albistea BERRIAn.

SARRERA
Metrokoadroka kolektiboak Joan Mari Torrealdai bekarekin sortutako liburua da honakoa. Usurbilgo Udala eta Jakin Fundazioa dira ekimen honen bultzatzaileak.
Metrokoadrokaren ikerketa hiru zutabetan plazaratu da: pieza eszenikoa, sormen tailerra eta, orain, liburua.
Liburuaren zuzendari artistikoa eta editorea Metrokoadroka kolektiboko Idoia Beratarbide Arrieta izan da. Liburuan Maria Elorzak, Nagore Legarretak eta Danele Sarriugartek parte hartu dute, Metrokoadroka kolektiboko lantaldearekin batera.

AURKEZPENA
Istorio bat kontatzeko abiapuntuak, motorrak, infinituak dira. Dokumentua izan daiteke haietako bat. Istorio bat zer den ere, infinitua da. Istorio bat kontatu nahi izateari buruzko istorioa ere kontatu daitekeen zerbait da.
Joan Mari Torrealdai atxilotua izan zenean poliziak dokumentuen sarraskia eragin zuen: Euskaldunon Egunkaria eta Jakin-i zegozkionak, eta baita dokumentu intimoak ere. Metrokoadrokak abiatutako Artxibo biluzia ikerketaren pizgailua Joan Mari Torrealdaik idatzitako testigantzaren esaldi bat izan zen: “Biluzik utzi ninduten, ez fisikoki, bai intelektualki”. Poliziak hutsik utzitako karpeta bat imajinatu zuten kolektiboko kideek, bete beharreko karpeta bat; hasieran metafora bat zenak indarra hartu zuen ikerketaren ardatza bilakatu zen arte: “Zer piztu dezake dokumentu batek jendearengan, pertsonengan, kolektiboengan, gorputzengan?”.
Artxibo biluzia pieza eszenikoan publikoari karpeta huts hori kolektiboki betetzeko gonbita egiten zaio, honako galdera honi erantzutea eskatuz: “Zer istorio nahi zenuke historiara pasatzea?”. Artxibo biluzia liburuak, berriz, Metrokoadroka kolektiboak hainbat kolaboratzaileren laguntzarekin karpeta hori betetzeko egin duen ahalegina da: sormenez, ideiez eta etorkizunerako asmoz. Liburua pieza eszenikoarekin batera sortu da, batzuetan paraleloki, besteetan kolaboratzaileek piezaren sorkuntzan zuzenean parte hartuz.
Joan Mari Torrealdai bekari esker, Metrokoadroka kolektiboak diziplina artistiko anitzeko ikerketa abiatu zuen, eta haren lehen emaitzak pieza eszenikoa eta lantegi kreatiboa izan ziren. Hirugarren eta azken emaitza da esku artean dugun liburua.

LIBURUAREN EDUKIAK
Metrokoadroka kolektiboko Idoia Beratarbide Arrieta izan da liburuaren prozesuko zuzendari artistikoa eta editorea, eta Allende Arnaiz izan du bidelagun diseinuan.
Fisikoki liburu-objektura edota artista liburura gerturatzen den pieza da Artxibo biluzia. Objektu gisa hartu duen forman Artxibo biluzia ikerketa bere osoan izan dena islatzen du: karpeta itxurako liburu bat, barruan euskarri ezberdineko dokumentu berriak barnebiltzen dituena, bost kaiera independenteetan.
Idoia Beratarbide Arrietak diseinatu duen prozesu kreatiboaren pautekin, kolaboratzaileek eta Metrokoadrokako kideek emaitza hauek sortu dituzte libururako:
-1. kaiera.
Titulua: Prozesu biluzia: ikerketa eszeniko baten lekukotza.
Egilea: Metrokoadroka kolektiboa.
Azalpena: Ikerketa prozesuko gogoetak, ariketak eta ondorioak azaltzen dituen saiakera laburra.
-2. kaiera.
Titulua: Zer istorio nahi zenuke historiara pasatzea?
Egilea: Kolektiboa. Lehen emanaldietako publikoaren erantzunak.
Azalpena: Artxibo biluzia pieza eszenikoan publikoak “Zer istorio nahi zenuke historiara pasatzea?” galderari erantzun bat ematen dio txartel batean, eta irteeran dagoen karpeta hutsean modu anonimoan sartzen du. Kaiera honetan lehen emanaldietako erantzun guztiak azaltzen dira zerrendaturik.
-3. kaiera.
Titulua: Artxibo biluzia: memoria eta desira.
Egilea: Danele Sarriugarte Mochales.
Azalpena: Danele Sarriugartek Artxibo biluzia pieza eszenikoaren sorkuntzan bisitak egin ahal izan zituen eta prozesuan eragin ahal izan zuen. Bisitako horietako batean idatzitako testua gidoiaren parte ere bilakatu zen. Kaiera honetan idazleak bisita horien kronika artistikoa idatzi du.
-4. kaiera.
Titulua: Momentuak eta materialak.
Egilea: Nagore Legarreta.
Azalpena: Nagore Legarretak ezin zuen sormen prozesua bisitatu, ez zekien ezer pieza eszenikoaren sorkuntzan gertatzen ari zenari buruz, baina bertan sortutako eduki batzuk bidaltzen zitzaizkion korrespondentzia moduan, posta arruntez. Artistak pizgailu horiei beste sormen lan batzuen bitartez erantzuten zien. Kaiera honetan korrespondentzia osoa ikus daiteke.
-5. kaiera.
Titulua: Ametsen gordailua.
Egilea: Maria Elorza.
Azalpena: Maria Elorzak piezaren sorkuntzan eta ikerketaren prozesuan sortutako material eta informazio guztia izan zuen eskura, eta hortik abiatuta ikus-entzuneko lan bat osatu du, modu librean. Bere lanaren emaitza dokumental labur bat izan da, bertan pendrive batean jasota dagoena.

LIBURUAREN FITXA
Izenburua: ARTXIBO BILUZIA Zer istorio nahi zenuke historiara pasatzea?
Lehen edizioa: Usurbil, 2024ko maiatza.
Joan Mari Torrealdai bekarekin sortutako lana.
Bultzatzaileak: Usurbilgo Udala eta Jakin Fundazioa.
Zuzendari artistikoa eta editorea: Idoia Beratarbide Arrieta.
Egileak: Maria Elorza, Nagore Legarreta, Danele Sarriugarte, Metrokoadroka kolektiboa.
Diseinua eta maketazioa: Allende Arnaiz eta Idoia Beratarbide.
Euskara zuzentzailea: Asier Sarasola.
Koordinazioa eta ekoizpen orokorra: Metrokoadroka.
Inprimaketa: Leitzaran Grafikak, Andoain.
ISBN: 978-84-09-59625-6