Entzun diskoa osorik HEMEN.

SINOPSIA:

Aztiak zoriontasunaren inguruko mintegi bat antolatu du, “Zoriontasuna hasiera bat besterik ez da” leloarekin. Bertan “autolaguntzaz” mintzatuko da, zirikatzaile, baina ezkutuan “auzolaguntza” izango du xede. Jendartean deslilura eta desesperantza nagusitzen ari direla dirudien garaiotan, des-deslilura aldarrikatuko du Aztiak, hasiera oro zerbaiten amaiera izan daitekeen itxaropenarekin.

Don Inorrez eta Metrokoadroka taldeek AZTIA proiektua sortu dute. Proiektuaren lehen emaitza izen bereko diskoa izan da, bigarrena zuzeneko emanaldia. Oholtza gainean umorea eta kontzertu giroa izango dira nagusi, musika, antzerki bakarrizketa eta butoh dantza uztartuta.

Taula gainean izango dira: Ainhoa Alberdi, Karlos Arancegui, Oier Guillan, Fernando Neira eta Imanol Ubeda. Zuzendaritza Idoia Beratarbideren esku egon da.

AURKEZPENA:

2023ko urte amaieran Imanol Ubedak eta Karlos Aranceguik osatzen duen Don Inorrez musika taldeak proposamena egin zion Oier Guillani: disko berri baterako hitzak topatzea. Horretarako, letrak osatzeko ez ohiko prozesu bat abiatzea erabaki zuten: antzerkian oinarritzea disko oso bat sortzeko. Hala, Aztia bakarrizketa idatzi zuen berariaz Guillanek, eta hitz horietatik abiatuta disko osoa konposatu zuten Don Inorrezekoek. Hala, Cadizen Paco Locorekin grabatu ostean, 2025eko urtarrilean plazaratuko da lan berria.

Ondoren, material berria lengoaia eszenikora egokitzeko apustua egin dute Metrokoadroka kolektiboarekin. Aztia emanaldia 2025eko otsailaren 8an estreinatu da Donostiako Lugaritz kultur etxean. Emanaldian Imanol Ubedaren ahotsa eta kitarra eta Karlos Aranceguiren perkusioa Fernando Neira baxu jolearekin egin dute bat. Haien alboan Oier Guillanek dramatizatu du antzerki bakarrizketa ahotsez, eta Ainhoa Alberdik pertsonaia gorpuztu du butoh dantzaren bitartez. Idoia Beratarbide izan da proiektuko zuzendari artistikoa eta iruditeria osoaren sortzailea.