Mr. Señora
Zein neurritan naiz besteek ikusten dutena? Existitzen al naiz besteen begiradarik gabe? Nortzuk zarete zuek begiratzen dizuedanean?

Gogoan dut lehen aldiz biluzi nintzen aldia.
Ez ninduen desioak biluzi, ez arropa eranzteak, ez pasioak.
Begirada batek baizik:
begirada batek zeharkatu ninduen lehen aldia,
begirada batek nire gorputza den bezala aztertu zuen lehen aldia,
begirada batek nire gorputza zauri guztiekin ikusi, barneratu, onartu zuen lehen aldia
-ispiluan-.
Begirada batek egin zidan min, begirada batek askatu ninduen
-nire begiradak-.
Mr. Señora antzoki bateko oholtzara igo eta publikoarekin hitz egiten hasi da: begiratuak sentitzen diren gorputzei buruzko gogoeta egin du batetik, bizitzaren edozein arlotan inoiz armairutik ateratzeko pausua eman dutenei maitasun deklarazio bat eskaini die bestetik. Umorez, aldarriz, arima probokatzailez.
Emanaldiaren azalpena:
Oier Guillanek Mr. Señora izeneko liburua plazaratu du Txalaparta argitaletxearen eskutik, 7 teatro-testuez osatua. Horren harira teatro-errezitaldi dramatizatua sortu dute Metrokoadroka kolektiboko kideek. Mr. Señora liburuko testuetan umore absurduak, kezka politiko-sozialetan oinarritutako galderek eta elkartasunerako grinak egiten dute bat.
Kredituak
Oholtza gainean: Ainhoa Alberdi, Amaia Corral, Joseba Roldan, Oier Guillan.
Kartela eta estetika: Idoia Beratarbide.